Komunikazioa > Informazio boletinak > Iritzia > Elkartasunaren erronkak

Elkartasunaren erronkak

Luis de Sebastián [2008-12-15]

Argazkia: Luis de Sebastián (Argazkia: ESADE)

Txosten hau egileak berak aurkeztu zuen Gasteizko Principal antzokian 2008ko abenduaren 15ean, Gasteizko Udalaren Garapenerako Udal Lankidetzaren 20. urteurrena ospatzeko jardueren barruan.

Sarrera

Orain dela egun batzuk, gizon batek deitu zidan bulegoko telefonora. Oso haserre zegoen hedabideetako hizketakideekin, politikoekin, kazetariekin eta, bereziki, nirekin, krisi-garaian "0,7aren kontu hori" defenditzen dugulako. Bere ustez, langileriaren egoeraz kezkatu beharko genuke, gaizki pasatzen ari baita, eta ez genuke “beltz horietaz horrenbeste kezkatu” behar (horrelaxe esan zuen, nahiko modu mespretxagarrian).

Akusatzaileak ez zidan erantzuteko denborarik eman; bere azalpen aspergarriaren hainbat bariazio errepikatu eta telefonoa eseki zidan. Tira, pentsatzen dut niri errieta egin ondoren, lasaiago geratuko zela. Bestela, hori da hori denbora alferrik galtzea. Hitz egiten utzi izan balit, gauza pare bat esango nizkion. Lehenik eta behin, Espainiak ez diela 0,7 hori ematen, ez "beltz horiei”, ez beste kontinenteetako herritar pobreei ere, horien kolorea edozein dela ere. 2008an, BPGren % 0,35 emango diegu; hau da, asko jota, 0,7aren erdia. Bigarrenik, esango nioke bere ingurura begiratzeko eta ikusteko mundu hori ez-seguru eta arriskutsu bilakatzen ari dela pobreziaren, marjinazioaren eta frustrazioaren ondorioz. Afganistan, Somalia, India, Kongoko Errepublika Demokratikoa, Sudan, eta abar. Badakit terroristak ez direla beren herrialdeko pobreenak, baina, dudarik gabe, herriko pobreziaren eta marjinazioaren ondorioz, pobre ez diren asko terrorista bilakatu dira.

Gainera, telefonoz errieta egin zidan gizonari esango nioke Espainiako langile-klasea baino askoz okerrago daudela “lurreko kondenatuak” deritzenen klasea, gose direnak, gaixoak, errefuxiatuak. Gehienak Afrika beltzeko biztanleak dira. Gizon hari esango nioke garapenerako laguntza ez dela oparotasun-garaiko luxu bat —hori diote Intermon, Oxfam eta  Amnistía Internacional erakundeek hirurek batera egindako komunikatu batean—, beti egin beharreko zerbait baizik, eta, batez ere, krisi-garaian egin beharreko zerbait. Azkenik, laster 800 milioi izango diren Afrikako beltzek gure langileei ekar diezazkieten onurei buruz hausnartzeko eskatuko nioke; izan ere, gure produktuak kontsumituko lituzkete, gure kotxeak erosiko lituzkete eta Espainiara turista modura etorriko lirateke; eta ez pateretan, itsasontzi eta abioi seguruetan baizik.
 
Hori urrun dago oraindik, baina, hori gerta dadin laguntzen badugu, 30 edo 40 urtera egia bihurtu liteke. Eta, azkenean, honako hau esango nioke: adiskide hori, zure suhartasun horrek ez bazaitu itsutzen, pentsa ezazu elkartasuna ez dela justizia kontua bakarrik; izan ere, premia kontua ere bada, mundu globalean denok biziraun ahal izateko. Istorio horrek hitzaldi honen gaira narama zuzenean:

Elkartasuna krisi-garaian

Orain dela hilabete batzuk, bilera honetan parte hartzeko gonbidapena jaso nuenean, finantza-sistema globalean jadanik bueltaka zebiltzan zabor-hipoteka deiturikoak; horrek, aldi berean, finantza-sistema berriko magnateak izutu zituen. Haiek bazekiten beren balore-tituluen paketeetan zabor asko zegoela. Hipoteken ez-ordaintzeak igo egin dira eta, horren ondorioz, balore horietako batzuk balioaren zati bat galdu dute, eta baita inbertitzaileek balio horiengan izan zezaketen konfiantza ere. Pixkanaka, krisia bere saltsan bertan ari zen egosten.

Irailean, historian beste “irail beltz” bat izango dena, krisi finantzarioa erabatekoa zen jada. Estatu Batuetako gobernuak bertako bi hipoteka-erakunderik garrantzitsuenak ia erabat nazionalizatu zituen, hau da, Freddy Mac eta Fanny Mae (erakundeen izen ezagunak); helburua zen bi horien porrotak nazioko hipoteka-merkatua ez hondatzea. Hurrengo astean, Lehman Brothers inbertsio-bankuak porrot egin zuen, eta gobernuak ez zion inolako laguntzarik eman. Bestalde, egun batzuk igaro ondoren, gobernuak laguntza eman behar izan zion AIG munduko aseguru-enpresa garrantzitsuenari, porrot egin ez zezan. Aseguru-etxearen porrotak ondorio larriak eragingo lituzke finantza-munduan eta mundu guztiko hainbat enpresatan; horregatik esku hartu zuen gobernuak.

Ordunik, ekonomiari buruzko berri txarrak besterik ez ditugu jaso. Bankuarteko kredituak amaitu egin dira, bankuak ez direlako bata besteaz gehiago fidatzen. Ez dakite bakoitzak zenbat zabor-aktibo dituen. Bankuarteko merkatuaren kolapsoak  murrizketa zorrotzak eragin ditu kreditu komertzial eta pertsonaletan. Benetako ekonomiaren, hau da, ondasunak eta zerbitzuak ekoizten dituenaren, eta enplegua sortarazten duenaren erritmoa gelditu egiten da krediturik ez badago. Horren ondorioz, ekoizpenaren bolumena murriztu egiten da; langabezia handitzen da. Eta horrela daude gauzak. Krisian bete-betean murgilduta. Horren ondorioz, familia askoren sufrimendua eta beldurra handitu egin dira, bai eta familia guztien ziurgabetasuna ere.

Zer zentzu dauka krisi-garaian elkartasunaz hitz egiteak? Ez al da hau “salba bedi ahal duena” delakoaren moduko egoera bat? Tira, bada ez; hain zuzen ere, orain da elkartasunaz hitz egiteko eta hura praktikan jartzeko garaia, elkartasuna gero eta pertsona gehiagok behar baitute, alegia. Gure artean, gure hirietan eta gure herrietan. Baina baita mundu osoan ere. Garapen-bidean dauden herrialdeak ere, hau da, pobreak, krisi honen ondorioak jasaten ari dira. Esan behar da krisi hau historiako lehenengo benetako krisi globala dela, eta garapen-bidean dauden herrialdeei, lehengoez gain, krisiaren ondorioak gaineratu zaizkiela; izan ere, herrialde horiek jadanik bazituzten zailtasunak, gu itxuraz amaiezina zirudien gozatzen ari ginen bitartean. Krisiak zalantzak sortzen ditu elkartasunaren arrazionaltasunari dagokionez eta, horregatik, elkartasunerako arrazoiak sakonago hausnartu behar ditugu orain. Elkartasunaren aurkako arrazoiak jadanik erabili ditugu han-hemen, esate baterako, hasieran aipatu dudan solaskideak esan zidana aipatzean.

Elkartasunerako arrazoiak, krisi-garaian

Solidario izateko arrazoiak? Hiru, modu sinplean azalduta, honako hauek: hala izan behar duelako; zintzoa delako eta komeni zaigulako. Teknikoki, nik kontzientzia-, duintasun- eta komenentzia-arrazoiez hitz egiten dut.

Lehenengo arrazoia honako honetan oinarritzen da: besteen sufrimenduak ia guztiok hunkitzen gaitu. Sufrimendu horiek onartezinak dira erlijioaren, filosofiaren eta gizalegearen ikuspuntutik. Besteen sufrimenduarekiko errukia da egoera jasanezin horren erantzuna. Barne-barnetik ateratzen zaigun elkartasuna da. Nork jarri zuen hor barruan? Txikitan jaso genuen hezkuntzak, erlijioak, pertsuasio politikoak… dena delakoak; kontua da hor dagoela, ia gizaki guztion barnean. Kristautasunak, judaismoak, budismoak, islamak... erlijio guztiek aldarrikatzen dute “lagun hurkoa maitatzeko” moduren bat. Gainera, eskatzen dute lagun hurkoa norbera maitatzen den bezala maitatzea. Bestalde, Emmanuel Kant filosofoak “inperatibo kategorikoaz” hitz egiten zuen eta Adam Smithek, “Sentipen moralen teorian”, guztiok dugun “fellow feeling” sentimenduaz. Humanistek gizaki guztiekiko maitatze unibertsala zabaldu zuten. Geroz eta gehiago ezagutzen dugu elkar, eta ezin diogu ezikusiarena egin gu bezalako horrenbeste milioi pertsonek sufritzen dutenari, pertsona horiek gugandik gertu nahiz urruti egon.

Bigarren arrazoia, duintasunari dagokiona, desberdintasunean oinarritzen da, hori baita mundua sumintzen duten oker askoren jatorria. Ikuspuntu kolektibotik, ez da batere baliagarria munduko gutxi batzuen eskuetan aberastasun handiak biltzea, une berea, milioika pertsona gosez hiltzen diren bitartean. Handikeriak alde batera utzita, munduko aberatsenek, batez beste, 30.000 milioi dolarreko aberastasuna izan dezakete; super aberats horietako milarekin munduko BPG lortuko genuke, 30.0000.000 milioi dolarrekoa. Aberastasun-pilaketa horrek ez du ezertarako balio, eta herritarren ongizatea hobetzeko ere ez du balio. Ez du pobreen ongizatea hobetzen, baina aberastasun hori pilatzen dutenen ongizatea eta zoriona ere ez du modu esanguratsuan hobetzen. Haien boterea eta handiustea handitzen ditu. Baina zertarako du gizatasunak hori?

Ekonomia berriak ematen dituen aukeren emaitza besterik ez da aberastasun-pilaketa moderno, neurriz gaineko eta iraingarri hori, ekonomia edonola ulertzen dela ere. Aukera horiek filosofia indibidualistaren testuinguruan ustiatu dira, darwinismoan edo hobbesianismoan, alegia; filosofia mota horrek aberastasunak pilatzea dakar, pilatzeagatik pilatzea, hori espeziearen biziraupenerako beharrezkoa balitz bezala, eta espezia are azkarrago suntsitzeko balioko ez balu bezala. Gaur egungo krisi finantzarioa ikertuz gero, muturreko portaerak ikusten ditugu —batzuk, kriminalak ere bai; diru-gosea eta elkartasunik eza darwinismoan oinarritzen dira, hau da, aberatsenen biziraupenean.

Gainera, aberastasunen gehiegizko pilaketa hori kaltegarria da demokraziaren iraunkortasunerako. Demokrazian oso bizimodu ezberdinetako herritarrak biltzea ez da sinesgarria. Hasteko, aberatsek ez dute hori sinesten: pentsatzen dute herritar pobreek ez dituztela euren eskubide berak eta, edonola ere, eskubide horietaz baliatzeko aukera materialak (auzitegietan, esate baterako). Bestetik, pobreek ere ez dute hori sinesten: oso ondo dakite euren interesak eta beharrak inoiz ez direla gobernatzaileen lehentasun. Ez da sinesgarria, ez eta iraunkorra ere. Azkenean, botere-egitura huts bat izango da demokrazia; ez du arimarik izango eta, noski, ezta herritarren babesik ere. Geroz eta handiagoa den munduko desberdintasuna mehatxu larria da demokraziarentzat eta herritarren elkarbizitzarentzat.

Hortik, elkartasunerako arrazoi sendo bat ateratzen da, eraginkortasunaren eta gizarte-zuzentasunaren izenean. Kasu horretan, elkartasuna portaera eta jarrera indibiduala edo kolektiboa da, eta jarrera horren ondorioz, pertsonak edo giza taldeak besteekiko kezkatzen dira, horiek gertukoak nahiz urrutikoak izan. Jakina, elkartasunak gertutasun-graduak onartzen ditu, baina ez mugak. Elkartasuna bultzatzeko arrazoi bat da hura beharrezkoa dugula ezberdintasunak murrizteko, aberastasun handiak hobeto banatzeko eta teknologiak eta giza azkartasunak eskaintzen dizkigun aukera ia amaiezinak hobeto banatzeko.

Portaera eta egitura solidarioen bitartez egiten zaie aurre ezberdintasunei: bidezko sistema fiskal eraginkorrak; merkatuen erregulazio eta ordenamendua; nazioarteko merkataritzan justizia egitea; garapenerako laguntza; herrialde pobreetan portaera demokratikoak sustatzea (eta gerra zibiletan sua —armekin— ez piztea), premiazko osasun-laguntza; laguntza teknologikoa, teknologia berrietatik at gera ez daitezen; eta emigrazio-politikak. Horrenbeste gauza egin behar dira...

Pobreek badakite nola bizi diren aberatsak, eta aberatsek egunero ikusten dute pobreen bizitza miserablea; horrek indartu egiten du elkartasunerako bigarren arrazoia. Jada ezin dugu esan, XIX. mendeko aberatsek esaten zuten bezala, ez dakigula pobreak nola bizi diren. Telebistak eta zinemak ez digute ihesbiderik edo alibirik ematen. Jadanik ikusi ditugu Afrikan, Erdialdeko Amerikan, Haitin eta Asiako hego-mendebaldean noraezean dabiltzan milaka gosetuak eta HIESaren ondorioz iraungi diren hamarka mila afrikarrak. Beraz, ezin dugu aitzakiatzat jarri inork ez digula ezer esan edo horrenbeste miseria gutxitzeko inork ez digula laguntzarik eskatu. Bihozgabea izan behar da poltsikoan daukaguna eta soberan duguna ez emateko, alferreko oparietan botatzen duguna edo inork erabiltzen ez dituen luxuak ez emateko. Ez daukagu aitzakiarik solidario ez izateko.

Posible da egunen batean pobreek guri kontuak eskatzea, eta hori ere solidario izateko bigarren arrazoi honen barnean sartzen da. Haiek ere ikusten baitute, guk ikusten dugun komunikabide beretatik, munduko aberats gutxienak nola bizi garen. Beraz, ez da harritzekoa egoerak konparatu eta beren buruei galdetzea ea “zergatik haiek horrenbeste duten eta guk horren gutxi daukagun”. Gehiengoak ez du etsitzen, pentsamendu fatalistei edo erlijiosoei esker; baina beste askok hori bidezkoa ez dela aldarrikatzen dute, beren buruei bakarrik bada ere, eta munduan justizia egingo duen edo edozein bidetatik bada ere justizia promestuko dien norbait bilatzen saiatzen dira haserretuta eta etsituta. Egoera hauetan, gure elkartasunak kontserbazio-senetik atera beharko luke, jada erruki-izpi bat ere geratzen ez zaigunean.

Elkartasunerako hirugarren arrazoia, komenientziarena, paradoxa izugarri batetik dator: teknikaren aurrerapenarekin, geroz eta ahulagoak gara. Teknologiaren eta bizitzeko erabiltzen ditugun bitarteko modernoen bitartez, ingurune ahul bat sortu dugu; horrek, gure onurarako, portaera solidarioak exijitzen ditu. Egia ukaezin horretan oinarritzen dira elkarbizitza-arrazoiak. Izan ere, teknologiaren eta zientziaren bitartez, eraginkortasun handiz antolatu dugu gure bizitza, baina ingurune ahul bat sortu dugu gure inguruan. New Yorkeko dorre biki altuak ez bagenitu eraiki —giza ahuleriaren mito gisa gogoratuko ditugu, Babeleko dorrea bezala— eta hiltzaileek erabili zituzten 767 eta 757 abioi handiak eraikitzerik izan ez bagenu, hiltzaile maltzur horiek ez zituzten sei mila pertsona baino gehiago hilko minutu gutxi batzuetan, nahiz eta hiltzaileek maltzurkeria, gorroto eta ausardia handia izan. Gauza bera esan dezakegu Atochako geltokiko aldiriko trenen kasuan, Tokio eta Londresko metroetako atentatu-saiakeren kasuan (horietan ere milaka pertsona hilko zituzten) eta, azkenaldian, Indiako hotelei egin zaizkien erasoen edo Somalian bahitu dituzten barkuen kasuan. Gertakari horiek erakusten digute badirela sarraski handiak egiteko gai diren pertsona etsituak; baina, horrez gain, gaur egungo komunikabideek, ohiturek eta bizitzeko moduak sarraski horiek egiteko aukera ematen dutela erakusten du, oso ahul egiten gaituztela, alegia.

Gaur egungo egoeran, gerta daitezkeen zoritxarrei buruz pentsatzen dugunean, ikusten dugu oso posible dela hondamendi bat jazo eta minutu gutxitan milaka hildako eragitea. Gaur egun eskura ditugun tekniken eta antolatu dugun bizitzeko moduaren ondorioz gertatzen da hori. Horrek argi erakusten digu gure gizartea ahul bilakatu dela. Pertsonak eta organizazioak gai gara bata besteari min egiteko eta min hori sufritzeko; bada, gaitasun hori gizakiaren historian inoiz baino handiagoa da orain. 1945. urtea baino lehen, materialki ezinezkoa zen egun bakar batean ehun mila pertsona hiltzea, Dresden, Hiroshiman eta Nagasakin gertatu zen bezala. Antzinaroan, hamarka urteko etengabeko gerrak beharko lirateke pertsona-kopuru horiek hiltzeko, eta mende bat baino gehiago horrenbeste herritar zibil hiltzeko.

Horrelako ingurune ahul batean bizi ahal izateko, ezinbesteko baldintza da elkartasuna. Zibilizatuak gara eta gizabidezko portaera dugu; horregatik egin diegu aurre ibilgailu-garraioari, garraio publikoari, igogailuei, gasa banatzeko sareari, janari izoztuei... Legeak betetzen ditugu eta, hori, elkartasunarekin hasteko modu bat da, modu ez mespretxagarri bat. Etorkizunean, gizarte solidarioek bakarrik biziraun ahal izango dute gurean baino teknologia gehiago egongo den mundu horretan; eta jada dena globala denez, benetako elkartasunaren bitartez bakarrik egongo dira salbu planetako nazio eta herritar guztiak.

Krisi-garaian, solidario izateko jarraibideak

  • Krisi-garaian, ez da berekoi izan behar. “Salba bedi ahal duena” erako jarrerak alde batera utzi behar dira, jarrera hori edozein motakoa dela ere.
  • Ez dira mezu ezkor funsgabeak eta neurriz kanpokoak zabaldu behar. Mezu horiek beldurtu egiten dute jendea, eta krisia larritzen duten portaera ekonomikoak eragiten dituzte. Kazetari eta politikoez ari naiz gehienbat, horiek eragina izan baitezakete herritarrengan. Gizartea adoregabetzeko xede maltzurra izan dezakete.
  • Langileak kaleratzeko arrazoi nahikoak eduki behar dira; ezin dira langileak kaleratu krisiaz baliatu eta langileria murrizteko, atzean krisia ez den beste arrazoiren dagoela. Aitzitik, prest egon behar da krisiarengatik kaleratutako langile enplegatzeko. Gogoan eduki behar da enplegurik gabe geratu diren familien patua.
  • Kanpo-laguntzari dagokionez, pentsatu behar dugu posible dela zailtasunak dituzten herrialde pobreei laguntzea, bertako behartuei ematen zaien laguntza alde batera utzi gabe. Izan ere, herrikoei laguntzeko gizarte-politika onenak dituzten herrialdeek laguntzen diete gehien pobreei, esate baterako, eskandinaviar herrialdeak, Holandak, Frantziak eta Kanadak. Horrek esan nahi du eskuzabaltasunak ez duela zertan mugatua izan eraginkorra izateko. Eta mugak ere ez dira berme bat elkartasun ona egiteko.

Orain, inoiz baino gehiago bildu behar ditugu elkartasun-sentimenduak eta inoiz baino gehiago jarri behar ditugu horiek praktikan. Elkartasuna ez da oparoaldian bakarrik eman dezakegun luxu bat. Elkartasuna jendeak sufritzen duenerako da eta, dirudienez, orain jendea oso gaizki pasatzen ari da, bai hemen, bai, gehienbat, herrialde pobreetan. Elkartasunerako garaia da.

Luis de Sebastián Carazo ekonomiako katedratiko emeritua da ESADEn (Ramón Llull Unibertsitatea) eta "Guardián de mi hermano. La solidaridad" liburuaren egilea.



 

Pribazitate politika
Erabilpen baldintzak

Aieteko jauregi Aiete Pasalekua, 65 20018 Donostia-San Sebastián
Tel.: 943 428 508 Fax: 943 429 385