Gaurkotasun Euskal fondoa

Euskal Fondoak eta Bizkaiko Batzar Nagusiek hitzarmena sinatu dute, Tindufeko saharar errefuxiatuen kanpamentuetako emakumeen osasun eta higiene baldintzak hobetzeko helburuz.

19 Ira 2018

Euskal Fondoak eta Bizkaiko Batzar Nagusiek lankidetzarako hitzarmena sinatu dute, Saharako Arabiar Errepublika Demokratikoan (SEAD) gizakien aldeko eta garapenerako ekintzak gauzatzeko

Akordio horretan oinarrituta, Batzar Nagusiek 60.000 euro bideratuko dituzte 2018ko ekitaldi honetan Aaiun-eko Wilaya osatzen duten daira ezberdinetako emakumeentzako 1.000 pakete higieniko erosi, bidali eta banatzeko. Guztira, 15 eta 17 urte arteko 1.000 emakume eta euren zuzeneko senideak izango dira paketeen onuradunak.

Hitzarmena Euskal Fondoako presidente eta Abanto-Zierbenako alkate Maite Etxebarriak eta  Bizkaiko Batzar Nagusietako presidente Ana Otaduik sinatu dute, Bizkaiko Batzar Nagusietako Bilboko egoitzan. Azken horrek “Bizkaiko Batzarrek Sahararen kausari eta Saharako herritarren zapaldutako eskubideei emoten deutsien aho bateko laguntza politikoa eta instituzionala” azpimarratu ditu. Maite Etxeberriak, bere aldetik, Saharako herritarren egoeraren aurrean Euskal Fondoatik dagoen konpromisoa azpimarratu du.

Horren ostean, Euskal Fondoaren eta Fronte Polisarioak Euskadin duen ordezkaritzaren arteko akordioa sinatu da, egitasmoa lankidetzan gauzatu ahal izateko. Oraingo honetan Fronte Polisarioak Euskadin duen ordezkaria, Abdulah Arabi, eta Maite Etxebarria izan dira testua sinatu dutenak.

Dokumentu horrek Aaiun-eko Wilayan egitasmoa gauzatzeko aukera ematen dio Euskal Fondoari, Euskadiko Saharako Ordezkaritza eta Saharako Ilargi Erdi Gorriarekin lankidetzan.

Abdulah Arabik bere eskerrona erakutsi deutse Bizkaiko Batzar Nagusiei eta Euskal Fondoari: “Alkartasun hau eskertzeko eta aintzatesteko berbak baino ez daukaguz”. Fronte Polisarioak Euskadin dauen ordezkaritzako kideak adierazo dauenez, alkartasun hori “beste Autonomia Erkidego batzuetako gobernuek jarraitu beharreko eredua da”.

Share  Partekatu