Gaurkotasun sahara

Oporrak Bakeanek udan saharar haur errefuxiatuak harreran hartuko dituzten familiak* bilatzeko kanpaina abiarazi du: "Orain bi familia* ditut: bat Saharan eta bestea Euskal Herrian"

16 Urt 2019

100 familia behar dira udan haur errefuxiatu sahararrak harreran hartzeko

Abenduaren 11an, ostirala, Oporrak Bakean programaren “orain bi familia ditut: bat Saharan eta bestea Euskal Herrian” kanpaina aurkeztu zen Bilbon prentsa-aurrekoan. Horren bitartez, euskal biztanleak haur errefuxiatu sahararrak udan harreran hartzera animatu nahi dira. Prentsari egindako aurkezpen horretaz gain, gizarteari ere aurkeztu zitzaion kanpaina abenduaren 12an, larunbata, Donostiako Gipuzkoa Plazan antolatutako haurrentzako tailer, bertsolari, te eta beste saharar kultur ekintzen bitartez.

Badira 30 urte baino gehiago euskal familiek, udako hilabeteetan, haur sahararrak euren etxeetan jasotzen dituztela. 2018ko udan 316 neska eta mutil saharar etorri ziren Euskadira, eta, aurten, beste horren beste etortzea nahi da. Horretarako, gutxienez, 100 familia gehiago beharko dira, eta Oporrak Bakean programa antolatzen duten elkarte eta udaletxeek euskal gizartea kontzientziatu eta egiten duten lana ezagutarazteko helburu duen kanpaina berri hau abiarazi dute.

Zer da Oporrak Bakean?

Herri Sahararrak 40 urte baino gehiago daramatza errefuxiatu kanpamentuetan bizirauten, munduko basamorturik idorrenetako batean, euren lurraldera itzuli ezinik. Kanpamentu horietan 14 urtetik beherako 56.000 ume bizi dira, eta horietatik %30ek hazkunde gabeziak dituzte, klima gogorra eta elikadura baldintzen ondorioz. Hori dela eta, Oporrak Bakean programak 10 eta 12 urte bitarteko haur saharar errefuxiatuak udan, bi hilabetez, euskal familiekin bizi daitezen sustatzen du. Gurean egiten dituzten egonaldi horien helburu dira: umeak basamortuko baldintza gogorretatik urruntzea da (gerizpean 55ºtara heltzen diren tenperaturak), hazten ari diren adin honetan lagunduko dituen elikadura egokia jasotzea, azterketa medikuak egitea eta euskal kultura eta saharar kulturen arteko lotura sustatzea.

Ze baldintza bete behar dira programan parte hartzeko?

Edozein motako familia izan daiteke harrera familia: pertsona bakanak, elkarbizitza unitateak, seme-alabadunak zein seme-alabarik ez dutenak. Baldintzarik garrantzitsuena denbora eta gogoak izatea da, haurrari arreta eskaini ahal izateko, eta bizi eta lo egiteko tokia eskaini ahal izatea.

Oporrak Bakean 2019 Kanpaina

“Orain bi familia ditut: bat Saharan eta bestea Euskal Herrian” izango da aurtengo kanpainaren leloa. Esaldi horrek oso modu egokian laburtzen du programan parte hartzen duten neska eta mutilen  esperientzia, eta baita horiek hartzen dituzten harrera familiena ere.

Kanpainak ikus-entzunezko euskarri ezberdinak ditu eta hainbat urtetan Euskal Herrira etorri diren haurren testigantzetan oinarritzen da. Testigantza horien bitartez, haien egonaldietatik gustukoen dituzten gauzak edo arreta gehien deitu diena kontatzen dute. Aurreko kanpainen irudiarekin alderatuta, aurtengo irudia ezberdina izatea nahi izan da,  euskal gizartearen sektore berrietara heltzeko asmoarekin, programa ezagutu ez baina haur errefuxiatu sahararren bizi baldintzak hobetzeko prest egon daitekeen jendearengana heltzeko.

Horrez gain, webgune berri bat ireki da, bertan programaren informazio guztia jasotzen da: oporrakbakean.eus.

Kanpainaren material guztiak hemen ikus daitezke (bideoak, audioak, kartelak, eskuorriak…): HEMEN

Informazioa jaso eta programan parte hartzeko

Haur saharar bat uda honetan harreran hartzeko interesa duten familia edo pertsonek dagokien elkarte edo udalarekin jar daitezke kontaktuan, edo lurralde bakoitzeko pertsona arduradunarekin:

Araba: 665711947             Bizkaia: 658751359            Gipuzkoa: 696014786

oporrakbakean@gmail.com

Share  Partekatu