Jarduerak

Desioak sutan Sahararentzat

 

Aurten ere asmoari eutsiko diogu, Aian (abuztuak 5), Kuartangon (abuztuak 16) eta Zarautzen (abuztuak 17). Animatu eta parte hartu!!!! 

 

 

 

Elkartasuna da herrien samurtasuna, eta Zarautzek inoiz baino samurrago hartu nahi izan zituen duela hiru urte haur sahararrak. Oporrak bakean igarotzera heldu zirenei, Saharar Herria gure bihotzean dugula erakutsi nahi izan genien. Abuztuaren erdian, ehunka desiori su eman eta hegan jarri nahi genituen, Saharan izarrak ikustean Euskal Herritik heltzen zaien elkartasuna sentitu zezaten: Desioak Sutan Sahararentzat izena eman genion ekimenari.

Zarauzko malekoia elkartasunez piztu nahi genuen eta, ikuskizun ederra izateaz gain, desioak sutan eta hegan jartzeko aukera eman nahi zuen guztiari.

Helburua ere iragarri genuen: su bola bakoitza euro batean saltzea eta euro hori Saharautz elkartera bideratzea, Saharako errefuxiatuen kanpalekuetan dituzten egitasmoak laguntzeko. Azken batean, beraz, elkartasuna, festa, parte-hartzea eta ikuskizuna uztartzen zituen ekimen berritzailea zen, su artifizialak beharrean benetako suak erabilita.

 

Ekitaldiak eta herritarren zein bisitarien partaidetzak aurreikuspen guztiak gainditu zituen: erositako 2.000 su bolak agortu egin ziren, eta jende asko geratu zen desioei su emateko irrikaz. Baina ikuskizunaz behintzat gozatu zuten. Ederra izan zen, benetan. 2014an ekimena errepikatu genuen. 2.000 su bola beharrean 3.000 bota genituen, eta hala ere jendea gehiagoren irrikaz geratu zen, su bola guztiak agortuta. Sare sozialetan eta hedabideetan ere oihartzun nabarmena izan zuen berriro ekitaldiak, sahararren egoera eta borroka lau haizetara zabalduz.

 

Lehen bi urteotako esperientziarekin zerbait ikasita, protokoloa, antolatu beharrekoen irizpideak, zalantzak argitzeko bitartekaritza eta abar bideratu genituen Zarauzko Udaletik eta Euskal Fondoaren Sahara Koordinazio Unitatetik, baina ideia eta proposamena horixe zen: abuztuaren 16an, urtero, gero eta herri gehiago batzea Desioak Sutan Sahararentzat ekimenera, eta egun horretan, ordu berean (22:00etan), Euskal Herria bihurtu dadila Sahararekiko elkartasun ikuskizun eder bezain parte-hartzailea, milaka su bola zeruratuz.

Su bolak salduz lortutako dirua Sahararen aldeko elkarteen bitartez errefuxiatuen kanpalekuetara helaraztea proposatzen dugu. Zuen herrian elkarterik baldin bada, haien bitartez bideratzea da irizpidea.  

2015 ekitaldian sei izan ziren parte hartu zuten udalerriak: Getaria, Aia, Larrabetzu, Kuartango, Zarautz eta Tolosa.                                       

 

Desioak sutan Sahararentzat 2015 ekimenaren aurkezpen prentsaurrekoa HEMEN

2013 urteko bideo irabazlea:

2013 urteko ekimeneko argazki eta bideoak HEMEN

2014 urteko argazki eta bideo lehiaketaren irabazleak HEMEN

2014 urteko ekimenaren aurkezpena:

Share  Partekatu