Gaurkotasun Euskal fondoa

Euskal Fondoak bere XXII Batzar Orokorra ospatu du Bilboko Arriaga antzokian

21 Mar 2018

Elkarteak ia 2,4 milioi euro bideratuko ditu garapenerako nazioarteko lankidetzaren jarduerak sustatzeko

Joan den 2018ko martxoaren 16an ospatutako batzar honetan, 2017an onartutako lankidetzarako proiektuak gauzatzeari buruzko balantzea egin zen; aholkularitza tekniko-, erakunde arteko koordinazio-, trebakuntza, ikerketa- eta hedapen arloetan Elkartea osatzen duten 113 tokiko euskal erakundeen izenean burututako jardueren berri ere eman zen.

 

2018ko lan-egitasmoak esku-hartzean lehentasuna duten zonaldeetan (Erdialde Amerika, Kuba, Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoa eta Euskal Herria) gauzatu nahi diren proposamenak jasotzen ditu; tokiko eragileek garapenerako nazioarteko lankidetzan parte har dezaten bultzatzeko jarduerak; eta gure lanaren zabalkunde publikoa, horretarako kanpainetan, eztabaida-foroetan eta koordinazio-sareetan parte hartuz eta hedapenerako ditugun tresnak erabiliz.

 

Aurrekontuari dagokionez, guztira ia 2,4 milioi euro bideratu dira lurralde hauetara bertan egitasmoak eta programak gauzatzeko; dirutza hau bere lankidetzarako laguntzaren kudeaketa Asoziazio honen esku uzten duten toki erakundeen, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren, hiru Foru Aldundien eta Europako hainbat erakundeen arteko ahalegin bateratuaren emaitza da.

 

Ahalegin instituzionalaz eta ekonomikoaz haratago, beste behin, egitasmoen aholkularitza, azterketa eta jarraipen lanetan baliabide teknikoek – udal zerbitzuak eta kanpoko laguntzaileak- parte hartu izanak duen balio erantsia nabarmendu zen. Horrela azpimarratzekoak dira ur operadore publikoekin, berdintasun eta arreta sozialerako zerbitzuekin edo eta unibertsitate komunitatearekin mantentzen diren elkarlan teknikorako harremanak.

Share  Partekatu