Gaurkotasun Euskal fondoa

"Gobernu lokalak, itsasaldeak, itsasoak eta klima-aldaketa" jardunaldia

29 Urr 2019

Getxoko Muxikebarrin ospatuko da, azaroaren 28an, Platforma, Euskal Fondoa, Getxoko Udala eta Basque Centre for Climate Change-BC3k antolatuta

Elkartasun lokaleko Europako egunen testuinguruan antolatuta, bere helburua da ezagutzea eta ezagutzera ematea zer egiten ari garen Euskadin, Zientziatik, bertako Erakunde Publikoetatik edo Garapenetik, itsas eta itsasaldetako ekosistemak babesteko. Horretarako, ahots adituak elkartuko zaizkigu, BC3, AZTI ikerketa-zentroa, Medicus Mundi GKE edo Getxoko udaletik bertatik.

Sarrera-hitzaldia “Klima-aldaketa eta itsasaldeak: zientziatik begiratuz” da eta  Elisa Sainz de Murieta BC3ko ikertzaileak eskainiko du, mundu osoko itsasaldetako hirietako politikak aztertuz egindako lana hizpide hartuta. Ondoko mahainguruan bertako esperientziak partekatzeko aukera izango da, besteak beste itsasaldeetako berreskuratzearen eta arrantza jasangarriaren inguruan; Euskadiko eragileak munduan zehar egiten ari diren garapen-proiektuak ere ezagutuko ditugu.

Ikuspegia osatzeari begira, jardunaldian itsasoarekiko bestelako harreman eta bizipenetan sakontzeko aukera ere izango da. Kazetaritzaren ikuspegi berezia emango digu ETBn informazio meteorologikoa lantzen duen June Ansoleagak, eta kirol-esperientzia oparoa duten Unai Basurko Pakea Bizkaia-ko nabigatzaileak eta Basque Team-eko kidea den Nadia Erostarbe surflari gazteak parte hartuko dute solasaldian.

2015. urtean Nazio Batuen Erakundeak Garapen Jasangarriko Helburuak (GJH – ODS) ezarri zituen eta horien bidez dei argia egin zien gobernu lokalei hiritar erantzule eta kontzientziadunak aktibatzeko politikak eta sentiberatze-ekintzak martxan jartzeko. Eskari hori bere egin du PLATFORMA sareak (Hezkuntza Globala eta Nazioarteko Lankidetzarako Europako Hiri eta Eskualdeen Sarea) eta 2016. urteaz geroztik European Days of Local Solidarity direlakoak antolatzen ditu. Europa osoan batera egiten den ekintza da, urtean bi astez elkartasun globala eta garapen jasangarriaren baloreak zabaltzeko. Beste behin ere, bat egiten dugu helburu eta ekintza horiekin, eta Euskal Fondoak eta Getxoko Udalak eskuz esku dihardugu, IV. edizio honetan 14. helburua, “Itsaspeko Bizitza” delakoa ardatz hartuta.

Jardunaldia herritar orori ireki zaio eta bereziki interesgarria da gobernu lokaletako kudeatzaile eta arduradunentzat. Tokiak mugatuak dira, eta beraz, gomendatzen da izena ematea.

Egitaraua ikusteko sakatu HEMEN

Share  Partekatu