Gaurkotasun sahara

Babesaren ordez, mehatxua

23 Urt 2015

Babesa ukatu dio Espainiako Barne Ministerioak Euskal Herrian bizi den iheslari saharar bati, eta alde egiteko agindua eman dio.

Marokoko epaitegi militar batek bizi osoko espetxe zigorra ezarri dio

Sinadura bilketa kanpaina: https://secure.avaaz.org/es/petition/Ministro_del_Interior_del_Gobierno_de_Espana_Concesion_de_asilo_politico_para_Hassanna_Aalia/?tDlGjfb

Prentsa agerraldiaren ostean txaloak, besarkadak eta malkoren bat edo beste ere egon dira. Jende asko hurbildu da Hassanna Aaliarengana agurtzera (Aaiun, Mendebaldeko Sahara, 1988); herrikideak horietako batzuk, euskal herritarrak beste asko. Gazte sahararrak esker oneko berbak izan ditu guztientzat. Baina eskaera ere egin die: «Une honetan, zuen laguntza inoiz baino beharrezkoagoa dut».

Ez dira hitz hutsalak. Joan den urtarrilaren 19an babes eskubidea ukatu ziola jakinarazi zion Aaliari Espainiako Barne Ministerioak, eta hamabost egunen buruan Espainiako Estatutik alde egin behar duela ohartarazi zion.

Sorterrira itzultzekotan, han zer duen zain ondo baino hobeto daki: Marokoko epaitegi militar batek epaitu zuen 2013an, gazte sahararra epaiketan egon ez zen arren, eta bizitza osorako kartzela zigorra ezarri, 2010ean Gdeim Izik erresistentzia kanpaldian parte hartzea leporatuta. Aalia behin baino gehiagotan egon da Marokoko Poliziaren eskuetan, eta baditu lagunak Marokoko erresumaren kartzeletan. Hortaz, badaki kanporatze aginduak «tratu txarrak, tortura eta bortxatua izateko arriskua» esan nahi duela.

Konpromisoaren ordaina

Aaliak esan duenez, umetatik jakin du herrialde okupatu batean sortu eta hazi dela. Horrek eraman zuen giza eskubideen urratzeen kontra eta Mendebaldeko Sahararen autodeterminazio eskubidearen alde engaiatzera, 17 urte zituela. Eta konpromisoarekin batera jazarpena iritsi zen: Marokoko agintariek ikasten jarraitzea eragotzi zioten, hainbat aldiz atxilotu zuten, eta torturak eta tratu txarrak pairatu zituen.

2010ean, Gdeim Izik erresistentzia kanpaldian parte hartu zuen Aaliak. Kanpaldiak iraun zuen 28 egunetan «lehenengo aldiz aske bizitzeko aukera» izan zuten protesta hartan esku hartu zuten 20.000 sahararrek, Aaliak esan duenez. Baina akabera gaiztoa izan zuen horrek: azaroaren 8an, Marokoko segurtasun indarrak gogor jazarri zitzaizkien sahararrei, eta kanpalekua eraitsi zuten.

Gertaera horien ostean, Aalia atzematen saiatu zen Marokoko Polizia. Gazte sahararrak bi hilabete eman zituen ezkutaturik, baina, azkenean, atxilotu zuten. Epaitegi zibil batek epaitu zuen, eta lau hilabeteko kartzela zigorra ezarri zioten, baina azkenean ez zuen espetxera sartu behar izan.

Hurrengo hilabeteetan, ohiko bizimodua egin zuen Aaliak. 2011ko martxoan Bilbora iritsi zen, giza eskubideen eta komunikazioaren inguruko ikasketak egitera. Saharan denboraldi bat eman ostean, berriro etorri zen Euskal Herrira, 2011ko urrian, ikasten jarraitzera. Geroztik hemen bizi izan da, eta Espainian zehar hitzaldiak eman eta Mendebaldeko Sahararen aldeko hainbat ekitalditan parte hartu du ere bai.

Euskal Herrian zegoela jakin zuen Marokoko Gobernuak bilatzeko eta atxilotzeko agindua eman zuela bere kontra, eta berriro epaitu behar zutela Gdeim Izikeko gertaerengatik, baina, oraingoan, epaitegi militar baten eskutik.

Epaiketa 2012ko otsailean egin zuten. Aaliari bizitza guztiko kartzela zigorra ezarri zioten. 2012ko otsailaren 12an, babes eskaera egin zion Espainiako Gobernuari. Orain jakin du eskaera hori atzera bota duela Espainiako Barne Ministerioak. «Ezin naiz sorterrira itzuli, bizitza guztiko kartzela zain dudalako, modu baketsuan nire herrien eskubideen alde aritzeagatik», esan du.

Babeserako baldintzak

Aaliaren abokatu eta CEAR Errefuxiatuen Laguntzarako Batzordeko kide Javier Canivellek adierazi duenez, Espainiako Barne Ministerioak bidalitako jakinarazpenean espresuki onartzen du Aalia giza eskubideen aldeko militantea dela, ASVDH Giza Eskubideen Urratze Larrien Biktima Sahararren Elkarteko kide ere badela, atxiloketak eta tratu txarrak jasan dituela eta giza eskubideen aldeko lana modu baketsuan egin izan duela. «Beraz, babesa jasotzeko baldintza guztiak betetzen ditu», esan du.

Eta, hala ere, ukatu egin diote babesa. Horretarako arrazoi gisa, Aaliaren kontra irekitako epaibidea aipatzen du Barne Ministerioak: «Zibilak epaitzen dituen auzitegi militarra, Aalia han egon gabe eta bere burua defendatzeko aukerarik eman gabe epaitu duena gutxieneko bermerik ere izan ez duen prozedura batean, ontzat eman du Barne Ministerioak», esan du abokatuak.

Canivellek gogoratu du nazioarteko elkarte eta eragile ugarik salatu dutela aipatutako epaiketa: Europako Parlamentuko Kanpo Arazoetako Batzordeak, Amnesty Internationalek, Human Rights Watch erakundeak eta beste zenbaitek esan dute epaiketa bidegabea izan dela, tratu txarrei esker lorturiko deklarazioetan eta faltsututako polizia txostenetan oinarritu dela, eta, epaiketa militarra izaki, ez dagoela helegitea aurkezteko aukerarik.

«Erabaki honekin, Espainiak bizkarra eman die nazioartean giza eskubideen alorrean hartu dituen konpromisoei eta babes eskubidea arautzen duen Espainiako legeriari», azaldu du Canivellek. UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariak beren-beregi egindako eskabideari ere muzin egin dio. Aaliaren eskaera aintzat hartzea galdegin zion goi mandatariak Espainiako Gobernuari.

Helegitea

Canivellek iragarri du Barne Ministerioaren erabakiaren kontra administrazioarekiko helegitea aurkeztuko duela Espainiako Auzitegi Nazionalean datorren astearen hasieran, eta, horrekin batera, kanporatzeko agindua behin-behinean indarrik gabe uzteko ere eskatuko dutela.

Izan ere, urtarrilaren 19an jakinarazi zion Espainiako Barne Ministerioak Aaliari babes eskubidea ukatzeko erabakia, eta, egun horretatik hasita, hamabost egun ditu Aaliak Espainiaren menpeko lurraldetik joateko. Abokatuak esan duenez, hala egingo ez balu, poliziak atxilo lezake, eta haren kontrako prozedura abiarazi. Prozedura horren emaitza indarrez kanporatzea izan liteke, baina hori ez litzateke berehalakoan gertatuko.

Babes juridikoaz gain, bestelako babesa ere jasotzen ari da gazte sahararra. Hainbat elkarte eta erakundek Aaliaren aldeko kanpaina bat hasi dute, eta, besteak beste, Interneten bidez sinadurak batzeari ekin diote, Espainiako Gobernuak errefuxiatu politikoaren estatusa onar diezaion. Hasierako helburua 7.500 sinadura batzea zen: 48 orduan, 6.500 atxikimendu baino gehiago bildu dituzte.

Arlo politiko eta instituzionalean ere babesa jasotzen ari da Aalia. Amaiurrek eta Ezker Anitzak elkartasuna adierazi diote, eta Aaliak berak azaldu duenez, Eusko Legebiltzarretik ere telefonoz deitu diote Mendebaldeko Sahararen aldarrikapenen alde agertu diren talde parlamentarioetako ordezkariek, gaia erakunde horretara eramaten saiatuko direla esateko.

Aaliak argi eta ozen salatu du Marokoko Gobernuaren jarrera eta sahararrek pairatzen duten egoera: «Bitan zatituriko herri batean bizi gara, gure kultura ukatua izaten da eta gure hizkuntzan hitz egitea debekatzen digute. Saharako emakume, gizon eta umeak sufritzen ari dira». Baina ez dauka ahazteko egoera horretan Espainiak duen erantzukizuna: «Espainiako Gobernua da erantzulea, 1975ean salduta utzi gintuelako eta bete behar zuena bete ez zuelako». Teorian Espainia oraindik Mendebaldeko Sahararen administratzaile dela gogoratu du Aaliak.

Horregatik, Espainiako Gobernuak orain hartu duen erabakiak ez du ezustean harrapatu: «Nik uste dut Espainiak interes ekonomiko handiak dituela Marokoko Gobernuarekin, eta interes horiek giza eskubideen eta Saharako herriaren eskubideen gainetik jartzen dituela. Espainiak behin baino gehiagotan erakutsi du okupazioa interes ekonomiko hutsengatik babesten duela».

Iturria: Berria (http://www.berria.eus/paperekoa/1841/014/001/2015-01-23/babesaren_ordez_mehatxua.htm)

Share  Partekatu