Gaurkotasun sahara

Hassanna Aaliari hamabost egun eman dizkiote alde egiteko

07 Urr 2015

Kalez jantzitako poliziek atzeman zuten atzo, tren batean, eta Burgosen utzi zuten aske. Ekintzaile sahararra gauerdian iritsi da Hernaniko bere etxera, Aaliak berak BERRIAri adierazi dioenez. Asilo eskaera ukatu egin zion Espainiako Gobernuak urtarrilean; Aaliak helegitea jarrita dauka erabakiaren kontra.

2015-10-07 / Kristina Berasain

Espainiako Auzitegi Nazionalean helegite bat jarria du Hassanna Aaliak, eta hori erakutsi zien trenean gelditu zuten poliziei. Baina, hala ere, hurrengo geltokian jaitsiarazi eta polizia etxe batera eraman zuten. "Espainian modu ilegalean" egotea egotzi diote, eta hamabost egun eman dizkiote alde egiteko.

Orain artean, nortasun agiriak eskatu dizkiotenean, ez du arazorik izan helegitearen berri eman eta gero. Atzo, ordea, bi orduz eduki zuten komisaldegian, eskuak lotuta.

Ekintzaile sahararrak BERRIAri zehaztu dioenez, helegitea jarriko du aginduaren kontra; ostegun arteko epea du hori egiteko. Abokatuaren arabera, kanporatzeko aginduaren gainetik legoke martxoan Auzitegi Nazionalak kanporatzeko agindua bertan behera uzteko emaniko ebazpena. Gaur bilduko da Aalia bere abokatuekin.

27 urte ditu Aaliak, eta Marokoko auzitegi militar batek betirako espetxe zigorra eman zion 2011ko otsailean. Gdeim Izikeko kanpalekuko protestan parte hartzea eta polizia marokoarrei eraso egitea egotzi zioten. Euskal Herrian bizi zen haren kontrako bilatze eta atxilotze agindua eman zutenean, eta itzultzea erabaki zuen. Asiloa eskatu zuen, baina ukatu egin zion Espainiako Gobernuak urtarrilean. Orduan helegitea jarri zuen.

Martxoan kanporatzeko arriskuan izan zen Aalia, baina haren aurkako kanporatze agindua bertan behera geratu zen, behin-behinean, Espainiako Auzitegi Nazionalak Aaliaren babes helegitea aintzat hartzea erabaki baitzuen. Kanpaina indartsu bat jarri zen abian ekintzaile sahararraren alde.

Iturria: BERRIA 

Erlazionatutako berri gehiago:

http://www.naiz.eus/es/actualidad/noticia/20151007/el-ayuntamiento-de-bilbo-reclama-asilo-politico-para-el-saharaui-hassanna-aalia

http://www.eitb.eus/eu/albisteak/politika/osoa/3527720/hassanna-aalia-ekintzaile-sahararra-aske-geratu-da/

http://www.berria.eus/paperekoa/1783/008/001/2015-10-08/polizia_auzitegi_nazionalaren_erabakien_aurka_dagoela_dirudi.htm

http://www.noticiasdegipuzkoa.com/2015/10/08/sociedad/es-vergonzoso-que-me-detengan-como-a-un-delincuente

Share  Partekatu