Gaurkotasun sahara

MENDEBALDEKO SAHARAKO EGOERARI BURUZKO ADIERAZPEN INSTITUZIONALA

07 Ots 2013

X. legegintzaldiko legebiltzar-lanen hasiera une egokia da Legebiltzarraren Osoko Bilkurak Saharako herriarekin dituen konpromiso politiko eta humanitarioei berriro heltzeko, herri senidea den horrekiko betidanik sentitu duen hurbiltasun eta adiskidetasuna berriro adierazteko, eta Nazioarteko Zuzenbidea eta giza eskubideen errespetua eskatzen duten giltzarrietan sakontzeko.

Eusko Legebiltzarrak hainbat adierazpen, mozio eta legez besteko proposamen onartu ditu nazioarteko legalitatearen alde argi eta garbi azalduz, eta, ondorioz, exijitu du saharar herriaren autodeterminazio-prozesua bukatzea erreferendum bat deituz, eta erreferendum horretan sartzea independentziaren aukera ere. Horrez gain, laguntza humanitarioa sustatu du, maila diferenteetan, Tindufeko iheslari-kanpamenduetarako. Eta azkenik, salatu egin du Mendebaldeko Saharan gertatzen zen eta oraindik ere gertatzen den giza eskubideen zapalketa.

Gaur egun, saharar herriaren bizi-baldintzek ez dute hobera egin, eta larriagotu ere egin dira laguntza humanitarioa ematen duten eta iheslariekin lankidetzan ari diren herrialdeek eta Europak bizi duten krisi ekonomikoko egoeraren ondorioz. Marokoko erregimenaren polizia-jazarpenak eta giza eskubideen urraketek oraindik ere badiraute Mendebaldeko Saharako lurralde okupatuetan, eta laster, gutxieneko bermerik gabeko epaiketa bat egingo da Rabaten "Gdeim Izikeko 24ak" taldearen kontra, 2010eko azaroaren 8an Aaiuneko kanpamenduaren utzarazte eta desegite basatiaren ondoren atxilotutako sahararren kontra alegia.

Horregatik guztiagatik, Eusko Legebiltzarrak ondorengoa adierazi eta adosten du:

  1. Berretsi egiten ditu Saharako herriaren askatasunaren eta giza eskubideen babesaren alde onetsi dituen adierazpen instituzionalak eta gainerako erabakiak, eta Marokoko Erresumak okupatutako lurraldean bizi den saharar populazioaren eskubide zibil eta politikoak aldarrikatzen ditu.
  2. Marokoko agintariei eskatzen die eten dezatela giza eskubideen aldeko ekintzaileen kontrako jazarpena Saharako Mendebaldean, eta aska ditzatela Marokon eta Mendebaldeko Saharan kartzelatutako preso politikoak.
  3. Berretsi egiten du saharar herriaren autodeterminazio-eskubidea Nazio Batuen Erakundeak adostutako eran.
  4. Espainiako Gobernuari eskatzen dio bete dezala dagokion papera eta babestu dezala, bere jardunean eta Europar Batasunean, gatazka konpontzeko prozesua Nazio Batuen ebazpenen arabera.
  5. Herritarrak eta erakundeak animatu egiten ditu politikaren esparrutik eta esparru humanitariotik saharar herriari babesa ematera eta harekin lankidetzan aritzera, eta orobat salatzera, nazioarteko krisi ekonomikoko egoerak larriagotu duen  saharar herriaren babesgabetasun- eta ahanztura-egoera.
  6. Berriro ere adierazten du aintzatetsi egiten duela Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoaren gobernu legitimoa eta babestu egiten dituela Fronte Polisarioko kideak, eta bereziki, Euskal Autonomia Erkidegoak dituen ordezkariak; eta, saharar herria babesten duten elkarteekin batera, kausa haren aliatu leialaren paperari eusteko konpromisoa hartzen du, hogei urtetik gorako elkartasunarekin eta legebiltzar-lanarekin egin izan duen bezala.
  7. Konpromisoa hartzen du, "Bakea eta Askatasuna Saharar Herriarentzat" izeneko Legebiltzarreko taldeartekoaren eta Giza Eskubideen Batzordearen bitartez, inguru hartako elkartasun-jarduerak eta presentzia instituzionala mantentzeko, bai eta eskatzen zaizkion nazioarteko behatzaile-eginkizunak betetzeko ere.
VITORIA-GASTEIZ, 2013KO OTSAILAREN 7A
Share  Partekatu